Escoltan's
Volver al inicio

NON AURKITU GAITZAKEZU?

GURE UDALERRIARI BURUZKO BERRI LABURRA

Alcúdia da gure elkartea kokaturik dagoen mallorcar herria Hemen garatzen da kultura tradizionaleko gure jardueraren parterik handiena. Gure uhartea ezagutzen ez duzuenontzat berri labur bat eskaintzen dugu hemen geure udalerriaz.

Alcúdia, neurri handi batean, penintsula basotsu eta menditsu batez eraturik dago, zeinak banatzen baitu Mallorcako iparrekialdeko kostaldea bi badiatan: alde batetik Pollençako Badia, kalatxoz etena, harkaiztsua, sakona,…eta bestetik, Alcúdiako Badia, irekia eta hondartsua. Bien artean kokaturik, alde banatara itsasoa duela aipaturiko penintsula da eta bertan dago kokaturik Erdi Aroko gure herritxoa, XIV. mendeko harresizko eta hobizko gerriko batez inguraturik. Kale irregular eta bihurgunetsuzko hiri horretan jauretxeen lagin bat baino gehiago aurkitzen ditugu eta Errenazimentu garaiko leihateriak ere bai, gune historiko zaharberrituan eta oinezkoentzako prestatuan zehar banatuak. Multzo horretan Sant Jaumeren eliza gotikoa ere nabarmentzen da, XIX. mendean berreraikia, eta Santo Cristoaren kapera errenazentista, erretaula barroko baliotsua duena. Antzinako hiri hori mugakide da Balearrak Uharteetako hiriburu erromatarra izan zenaren hondakinekin, Pollentia (“Ahaltsua”), zeinaren gune dagoeneko induskatua eta teatro erromatarra bisita baitaitezke, non udaro Teatro Erakusketa burutzen baita.

Alcúdiako Badia Balearretako gune turistiko garrantzitsuenetako bat da. Hotel-industria ohargarri baten jabe da kostaldean dituen hondartza zabalei esker. Hala ere, itsasertzaren parte bat (basoak eta hondartzak) babesturik dago, duen garrantzi ekologikoarengatik eta Albuferako Parke Naturaletik hurbil dagoelako. Parke hori interes ornitologiko handikoa da; urtean zehar bisitari kopuru handi samarra hartzen du eta gidari batez lagunduriko bisitak kontzerta daitezke.

Urteko jai-egutegia oso askotarikoa da. Neguan San Antonio jaiak gailentzen dira, urtarrilaren 17 aldera. Baita San Pedrorenak ere ekainaren azken egunetan; Victoria Ama Birjinaren baselizakoak, uztailaren 1 eta 2an; San Jaime eta Santo Cristoarenak, hilabete beraren azkenetan; Feria, urriko lehen igandearen asteburua… eta abar, eremu kristau-katoliko osoan ospatzen direnez gainera (Eguberriak, Aste Santua,…)

Gozogintzako tradizio bitxi batzuk, nola herri bakoitzekoak hala uharte osokoak, jai horiei loturik daude. Alcúdian ohitura da Ostegun Santu egunez aita-amabitxiek beren seme-alababitxiei “erroskila” bat oparitzea, gurpil erako pasta gozo bat, konfite tradizionalez apaindua. Eta Santu Guztien egunean ere usadioa da aita-amabitxiek berriz ere “arrosario” bat opari egitea mazapan, bonboi, fruta azukreztatu eta abarrezkoa. Azken usadio horri uharte osoan eusten zaio, nahiz eta lehena beste bi udalerritan bakarrik aurkitzen dugun: Manacor eta Sa Pobla