S’Estol del Rei en Jaume
Talde honen funtsa (estol hitzak “talde” esan nahi du) kalejirarako pertsonaia-formazio bat eraikitzeko borondatean oinarritzen da, festa-girokoa dena eta Mallorcako identitate historiko, literario eta tradizionalean sendo erroturik dagoena. Taldearen tituluak berak ere adierazten du izendapen bezala gure Uharteetako pertsonaia historiko nagusiaren izena hartzen duen unetik, Jaume I, erregea, izan ere uharteak musulmanei kentzean Erdi Aroko mundu kataluniar eta kristauan sartu zituen. Monarka aparteko honek elezahar, mito, poema, herri-kontakizun ugari inspiratu zituen.
Ramón Llull bigarren pertsonaia garrantzitsu, hizkuntza eta literatura katalanaren hasiera eztabaidaezin, filosofo, mistiko,…bezala sartzea, erakuntza aintzatetsi horren beste erreferentziagune bat da.
S’ESTOL DEL REI EN JAUME urtero kalera irteten da, beti urriko lehen igandean ospatzen den Alcúdiako Feriaren aurreko arratsaldean. Sarau Alcudienc-ek sorturiko proiektua izan zen, 1988an, baina 1990ean Alcúdiako udalari laga zitzaion, gaur egun jabe duenari. Harrezkero, Sarau Alcudienc arduratzen da hura kudeatzeaz.
Pertsonaia hauek eta haien janzkera Kultura Tradizionaleko gure Zentroaren lehendakari den Antoni Babilonik diseinatuak dira, eta, halaber, berak sortuak dira akonpainamendu-musika eta dantza ere.
Haien guztien ezaugarri komuna da janzkera eta aurkezpen zaindua. Horrek ez die eragozten kalean mugimendu eta festa handiko taldea izatea. Ezaugarri horiek eraman dute Manresako Fira d’Espectacles d’Arrel Tradicionalen, Bartzelonako La Mercèren Jaietan, Tarragonako Santa Teclaren Jaietan, Eivissako Vilaren Fira Medievalen, eta abarretan (jarraitzen du) esku hartzera.
Pertsonaia bakoitzak ezaugarri berezi bati eusten dio festakoan:
-El Rei En Jaume: Gaita eta txirula tradizionalen (flabiol) soinuarekin dantza eginez irteten da. Dotore jantzita ibiltzen da eta, dantza egiteari uzten dionean, gozokiak eta karameluak banatzen dizkie txikienei. Uhartearen historiako funtsezko atal bat irudikatzen du.
-En Ramon Llull: Idazle handia izan zelarik, eskuan eramaten duen “Llibre de les Bèsties”etik ateratzen dituen letrak banatzen ditu, soilik letra horiek…pasta gozozkoak direla!!, jangarriak.
-L’Amo de so na Moixa: Errotari erdi-zoro baten irudikapena da, airera irina botaz doana (bere izena daraman rondallan bezala) eta oso egoera dibertigarriak sortzen ditu. Buruhandi hau lortuentzat jotzen da mallorcar mundu tradizionaleko formei dagokienez.
-Sa Jaia Tonina: Atso zahar bezala mozorrotutako hada bat da, herri-ipuinetan agertzen dena bezalakoa. Pertsonaia sorgindua denez gero, “goxoki sorginduak” banatzen ditu (mallorcar goxoki tradizional batzuk) eta festako txikienentzat uzten dira.
-En Gori Dolenties ( de “dolent”) i en Tòfol Mentider: Giza bizioak irudikatzen dituzte. Lehenari, hain astoa izateagatik, asto-belarriak atera zaizkio. Bigarrenari, gezurrak esateagatik, izugarrizko adarra sortu zaio bekokian (mallorcar tradizioaren arabera hori gerta dakieke gezurrak esaten dituzten haurrei). Erratzak eramaten dituzte eskuetan, eta neska-mutikoen atzetik lasterka ibiltzen dira, ipurdian joz. Lasterraldi biziak sorrarazten dituzte.
-Na Pixedis Bruta: Pertsonaia honekin hantustea duen jendeari irri egiten zaio. Arrosa koloreko zetaz, bolantez eta farfailez jantziriko neskato bat da, oso fina izan nahi, baina barrenean zakarra eta arrunta da. Horregatik zikintzen eta belzten ditu neska-mutikoen aurpegiak esku-poltsatxoan daraman pasta batez. Pertsonaia dibertigarrienetako bat da.
-Na Maria Enganxa: Uretako emakume bat da. Mallorcan usadioz erabili den figuretako bat da haurrak osin eta zisternetara hurbil ez zitezen (sarri gertatzen zen barrura erori eta itotzea). Pertsonaia oso zaratatsua da, haurrak pertsegitzen dituena.
-El Rei Moro: Jaume I. erregearen aurkaria da; uharteetako azken valía (gobernadore musulmana) irudikatzen du. En Jaume erregeari desafioka agertzen da eta gerra-dantza bat egiten du musikaren soinuarekin. Oso ikusgarria da. Bai bera, eta bai En Jaume Erregea, dantzan doaz kalejira guztian.